liburudenda
librería
” —Ez dakit zer kantaz ari zaren.
—Mila aldiz ipini dizut eta! Biolinekin jotzen duten hura…
—Badakizu zure musika hori, niri…
—Ezagutzen duzula, joder; lehengo egunean autoan entzun genuen: All hands on deck at dawn / Sailing to sadder shores / Your port in my heavy storms / Harbours the blackest thoughts, nana-nana-naranana-nana-nana-narananaaa…
—Benetan nahi duzu rollo erromantikoide hori ipintzea sure hileta egunean?
—Kanta pop per-fek-tua da. Gainera, badakizu musika dela nik erromantizismoa onartzen dudan bakarra; pop-a da maitasunak existitzen jarraitzen duela sinestarazten digun fikzio ia bakarra, egun. Horregatik jarraitzen dugu entzuten, nerabezaroa atzera utzita ere.
—Letra hori memelorkeria da. [...]“
“Frogak” ipuinaren zatia, Iban Zaldua, “Biodiskografiak”, Erein, 2011.
Pop-aren narratibak ez dira abestien autoreen aldetik etortzen bakarrik, baita beroien entzuleen eskuetatik ere. ANTI-n intrahistoriak eta biografiak pop-abestiekin konektatzen dituzten narratibak aditzera ematen ari gara. Pasa den uztailak 10ean, Kafea eta Galletak-en, Iban Zalduak bere “Biodiskografiak” (Erein, 2011) liburua aurkeztu zuen, diska ezberdinetatik abiaturiko ipuinak jasotzen dituena, Beatles-en “Revolver”tik (1965) Paul Weller-en “22 Dreams”era (2008). Ipuin haietako batzuen irakurketak entzun ondoren, Xabier Montoia eta Ibon Rodríguezek zuzenean jotako kanten bertsioez lagunduta, zalantzarik gabe enkargatu dugu liburua. Federico Montalbán-en “Cuentos Pop” (Morsa, 2009) ere guztiz gomendagarria da, atzealdetik entzuten den halako pop-lelo batekin batera datozen narratibez osoturiko ipuin-liburua.
Literatura eta pop musikaren arteko gurutzaketa honekin jarraitzeko, eta gure eskaerari erantzunez, Iban Zalduak honako gomendio hau egiten digu:
“(Gomendio ebidenteena Nick Hornby-ren “Alta fidelidad” izango balitzateke ere) Legs McNeil eta Gillian McCain-en “Por favor, mátame” (Libros Crudos, 2007) gomendatuko nuke nik, irakurri dudan punk-aren kronika onenetarikoa (batez ere punk estatubatuarrarena). Bilakaera musikal, kultural eta sozial hura sortu zuten protagonisten testigantzetan oinarritutako lana da, hirurogeigarren hamarkadatik laurogeigarren hamarkadaren hasierara doana; Velvet, MC5 eta The Stooges-etik, The Ramones eta Johnny Thunders-era. Eleberri on baten bezain erraz irakurtzen den liburua da (muntai lana oso eraginkorra da, baita bere tranpetan ere) eta historia-liburu baten antzera funtzionatzen du, horren itxura ez badu ere.
Kafea eta Galletak-eko Leire López-ek beste hau proposatzen du:
Fernando Márquez El Zurdoren “Vainica Doble”. Vainica Doble pop taldeari buruzko liburu oso gomendagarria da, Los Juglares bilduma osatzen duten gainerako liburuetako asko bezala. 1983an argitaratu zioten, taldearen ibilbidearen erdian -bost disko zituzten argitaratuta-. Besteak beste, liburu honi eta beste musikari gazte batzuen -Carlos Berlanga tarteko- interesari esker, gehien gustatzen zaigun gaztelaniazko pop musikaren eragin nagusietako bat bilakatzen hasi ziren. Taldearen fana zen El Zurdok egindako elkarrizketa, haien lagunek eta beste batzuek taldeari buruz idatzitako testuak eta haien kanten hitzak biltzen ditu liburuak.
Azkenik, Peio Agirre-k “Crítica y metacomentario” bere blogean publikatzen dituen pop ta agentziamendu
politikoari buruzko sarrerak ere ez galtzea gomendatzen dizuegu.
http://peioaguirre.blogspot.com/
–
–
–
–